“Ez da EZ” lelopean

Indarkeria matxistarik gabeko jendarte bat irudikatzeko bokazioz abiatu zen Asun Casasola Ipuin Lehiaketa orain lau urte.

“Asun Casasola Ipuin Lehiaketa”ren edizio berria iritsi da, Nagore Laffagen erailketaren 10 urte betetzen diren honetan. 2008an hasi zen bere amaren borroka, gaur, oraindik ere, pertsona askoren eredu da. Iazkoa lan handiko urtea izan zen eta Gogoratzen nauzuenetan publikatu genuen, aurreko edizioetako ipuinak jasotzen dituen bilduma. Aurten lehiaketa berriz ere martxan da, berrikuntza ugarirekin.

Berrikuntzak

Lau urteko bide honetan helduek idatzitako bostehun altxor batu ditugu, eta beraz, helduen kategoria mantenduko dugu (16 urtetik gorakoak). Baina orain, Gipuzkoako Foru Aldundiari esker, lehiaketa gazteengana hurbildu nahi dugu. 12-16 urte arteko gazteengana zehazki, eta haientzako kategoria berezi bat sortu dugu, euskaraz zein gazteleraz, indarkeria matxistaren aurka egiteko tresna eraginkorra izan daitekeela sinistuta.

“EZ da EZ”/ “NO es NO”

Ipuinek “EZ da EZ!” izango dute abiapuntua; berdintasunaren aldeko jendartea bultzatzea eta genero indarkeria baztertzea helburu. Ikuspuntu positibo bat bilatuko dugu, indarkeria matxistaren aurkako borroka islatzen duena. Ipuinak euskaraz edo gazteleraz aurkez daitezke. Parte-hartzaile bakoitzak idazlan bakarra aurkeztu ahal izango du, orrialde batekoa. Ipuinak originala izan behar du, argitaratu gabea eta aurkezten den hizkuntzan idatzitakoa, ez da onartuko itzulpenik.

Sariak

Kategoria bakoitzeko sari bat egongo da. Helduen kategoriako irabazleek (bai euskarazkoak eta baita gaztelerazkoak ere) 400 euroko saria jasoko dute. Gazteen kategoriako irabazleek (bai euskarazkoak eta baita gaztelerazkoak ere) 150 euroko saria jasoko dute.

Sarien zenbatekoak gora egin du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz gain, iaz Super Amara BAT klubak antolatutako Gabonetako Krosaren euro solidarioa Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren antolakuntzari eskaintzea erabaki zuelako.

Ipuinak bidaltzeko epeak

Azaroaren 25ean zabalduko dugu lanak aurkezteko epea. Gazteek 2018ko urtarrilaren 20ra arte izango dute lanak bidaltzeko aukera eta helduek berriz, 2018ko otsailaren 10era arte. Orduan, epaimahaiaren lana hasiko da (aurrerago aurkeztuko ditugu epaimahaikideak), eta martxoaren 8ra arte izango dute irabazleak aurkeratzeko epea. Egun horretan bertan jakinaraziko dugu euren epaia. Ipuinak asuncasasolaipuina@gmail.com posta elektronikoko helbidera bidal daitezke, Brontë Liburu-dendara (Kale Nagusia 16, Irun) ere bidal daitezke, posta arrunta erabiliz, edo liburu-dendara joan eta bertan utzi.

Informazio gehiago

Lehiaketaren oinarriak eta jakin beharreko informazio guztia OINARRIETAN edo lehiaketaren Facebook (AsunCasasolaIpuinak) orrian dago eskuragarri.

Kontaktua

asuncasasolaipuina@gmail.com