Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren 4. edizioak datorren ostegunean, martxoaren 14ean, banatuko ditu bere sariak.

Ainara Elizondo (Hondarribia) eta Juncal Baeza (Madril) helduen kategorian eta Naroa Carrera (Errenteria) eta Alessandra Bedoya (Jaen) gazteen kategorian, izan dira Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren 4. edizioko irabazleak.

Ainara Elizondoren “Lau hizki” (bigarren urtez jarraian garailea da Ainara Elizondoren ipuina) eta Juncal Baezaren “Pruebas” izan dira epahaimaiak helduen kategorian irabazle hautatu dituen ipuinak. Gazte kategorian, Naroa Carreraren “Urte luzeen amaiera” eta Alessandra Bedoyaren izenbururik gabeko ipuinek lortu dute saria.

Aurtengo edizioan 328 ipuin bildu ditugu, 4 ediziotan izandako parte hartzerik handiena lortuz, “Nik sinisten zaitut” lelopean. Abiapuntu horrek berdintasunaren aldeko jendartea bultzatzea eta genero indarkeria baztertzea zuen helburu. 2018a inflexio puntua izan da indarkeria matxistaren aurkako borrokari dagokionean. Argi geratu zen hori martxoaren 8ko protestetan, jendarteak, nazkatuta, bere egin zuen “nik sinisten zaitut” leloa.

Gipuzkoa eta Euskal Herritik iritsi zaizkigu ipuin gehienak, baina estatu osoko puntu ezberdinetatik ere jaso ditugu: Madrildik, Cadizetik, Valentziatik, Alacantetik, Zaragozatik, Toledotik, Tarragonatik, Gijondik, Vigotik, Pontevedratik, Huescatik, Granadatik, Albacetetik, Valladolidetik… eta baita munduko hainbat puntutatik ere: Alemaniatik, Latinamerikatik (Kolonbiatik, Mexikotik, Puerto Ricotik, Dominikar Errepublikatik, Argentinatik, Uruguaytik…) eta baita Estatu Batuetatik ere.

Helduen kategoriako irabazleek (16 urtetik gorakoek) 300€ko saria jasoko dute diru saritan, eta baita 50€ko balioa duen liburu sorta bat ere, Irungo Brontë liburu dendaren eskutik (liburu guztien zerrenda gure Facebookeko orrian dago eskuragarri, Asun Casasola Ipuinak-en). Gazteen kategoriako irabazleek (12 urtetik 16 urterakoek), aldiz, 100€koa jasoko dute diru saritan, eta 50€ko balioa duen beste liburu sorta bat.

Laugarren edizio honetako epaimahaia emakumez osatuta egon da bere osotasunean. Guztiek literaturarekin edo feminismoarekin harreman zuzena dute, gehienak epaimahaikide izan dira aurreko edizioetan, baina beste batzuk inkorporazio berriak izan dira. Helduen kategorian, euskeraz, Yurre Ugartek, Ana Iruretagoyenak eta Idurre Eskisabelek osatu dute epahaimaia; helduen kategorian, gazteleraz, Mertxe Tranchek, Maialen Lehanek eta Marian Benitezek; gazteen kategorian, euskeraz, Itziar Gomezek, Ainara Maiak eta Ane Perezek; eta azkenik, gazteen kategorian, gazteleraz, Maite Vergarak, Noelia Lorenzok eta Naroa Lopezek. Epaimahaikide guztiek inplikazio maila ezinhobea erakutsi dute hasieratik eta horregatik, antolakuntzatik gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu.

Sari banaketa ekitaldia datorren ostegunean, martxoaren 14ean ospatuko dugu, arratsaldeko 19:00retan, Irungo Kale Nagusian dagoen Brontë liburudendan.

Aurreko edizioetan bezalaxe, ipuin irabazleak irakurriko ditugu, epaimahaikideak eta irabazleak bertan izango dira eta Asun Casasola bera ere bertan izango da.

Han espero zaituztegu.

Eskerrik asko.

Zalantzarik izanez gero, asuncasasolaipuina@gmail.com helbidera emaila bidali dezakezue.