Asun Casasola ipuin labur lehiaketaren hirugarren edizioko epaimahakideak aurkeztu nahi dizkizugu. Hala ere, ziurrenik, haietako asko dagoeneko ezagutuko dituzu, literaturan, feminismoan edota hezkuntzan egin duten ekarpen handiagatik.

GAZTE KATEGORIA

Euskara (Gazte Kategoria)

Itziar Gomez

Telebista munduan lan ugari egin ditu Itziar Gomezek. Gidoilari bezala nabarmendu da gehien, izan ere, idaztea bere bizibidea dela onartu izan du; baina bikoizlari, aktore eta zuzendari lanetan ere aritzen da. Bergarako Idazle eskolan irakasle ere bada, eta gaur egun, gazteen artean hain arrakastatsua izaten ari den “Go!azen” telesaileko aktore zuzendaria da. Feminismoarekin lotura handia du, urteak daramatza Irungo Gaurko Andreak Berdintasunaren aldeko elkartearekin lanean.

Ainara Maia

Euskal Filologian lizentziaduna da Ainara Maia. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitatean Hizkuntza, Informazioa eta Komunikazio Ikasketetan masterduna da. Egun euskara teknikaria da Osakidetzan; baina itzultzailea, idazlea eta olerkaria ere bada eta euskararen irakaskuntzan ere aritua. 2014an, “Chansons d’amour-ilargi beterik gabeko gauak” bere lehen poema liburua argitaratu zuen, Maiatz argitaletxearen “Uhargi” bildumaren barruan.

Peru Iparragirre

Peru Iparragirre, Martin Bidaur ezizenarekin sinatzen duen idazle eta Filosofia ikaslea da. Gaztea da, 21 urte besterik ez ditu, baina literatura munduan bide nabarmena egin du jada. Itu Banda literatur taldearen eta Lekore literatur aldizkariaren sortzaileetako bat da. Aurten, “Itzulera” bere lehen poema liburua argitaratu du, Susa argitaletxearen eskutik.

Gaztelera (Categoría Joven)

Maite Vergara

Maite Vergarak Irungo El Pilar ikastetxean Gaztelania eta literatura irakasten dihardu eta hala jardun du ia bi hamarkadatan zehar. Irakaskuntzaz gain, hainbat antzerki talde amateurrekin harremana du eta irakurzale porrokatua da. Filologia Hispanikoa ikasi zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan.

Noelia Lorenzo

Idazle irundarra da Noelia Lorenzo. 2013an kaleratu zuen bere lehenengo eleberria, genero beltzeko “Chamusquina”. 2015ean “La sirena roja” publikatu zuen eta 2016an “La chica olvidada”. Erein argitaletxearen “Cosecha roja” bilduman parte hartu duen lehen emakumea da. Bere istorioak Irunen eta Hondarribian kokatu ohi ditu.

Marijo Noain

Historiaurrea eta Arkeologian, eta Gizarte eta Kultur Antropologian lizentziaduna da Marijo Noain, eta egun Irungo Oiasso Museo erromatarreko ekitaldi eta komunikazio arduraduna da. Literatura zale amorratua da, baina bere bizitzan zehar arkeologia munduan egin dituen lanengatik nabarmendu da. Munduko txoko askotan aritu da indusketak egiten: Italian, Israelen edo Tanzanian, besteak beste. “Los origenes de Hondarribia: de su pasado romano a 1400” monografia kaleratu du eta arkeologiaren eta antropologiaren inguruko artikulu ugari argitaratu ditu. “Los viajes de Aspasia” izeneko blogean astero argitaratu ohi ditu kulturari buruzko idatziak.

HELDUEN KATEGORIA

Euskara (Helduen Kategoria)

Yurre Ugarte

Yurre Ugarte Tolosan jaio eta Irunen bizi den idazlea da. Gasolindegian(Alberdania, 2010) narrazio liburuaren egile, gidoigintza du lanbide. Marrazki bizidunetako film luzeen eta hamaika telesailen gidoilari, sortzaile edota editore (ETB, Tele5, Telemadrid kateetarako). Haur-gazteentzako Itsasoa maleta batean (Denonartean, 2013) eta Naia eta Nabil detektibeak (Denonartean, 2014) liburuak idatzi ditu. Katu hegoduna (Sauré editorial) komiki albumaren gidoia eta Xabiroi komiki aldizkarirako hainbat gidoi idatzi ditu. Euskadi Sarietako Euskal Literatura arloan epaimahaikide izan da azken urteetan. Irungo Irakurle taldearen dinamizatzailea.

Ana Iruretagoyena

Ana Iruretagoyena Euskadi Irratiko kazetari ordiziarra eta Klitto atari digital feministaren sortzaileetako bat da. Pasioz feminista dela dio, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiten du eta bestelako maitasun-ereduen defendatzailetzat jotzen du bere burua.

Eider Rodriguez

Errenterian jaio zen Eider Rodriguez idazlea, baina egun, Hendaian bizi da. Publizitate eta Zinema ikasketak egin zituen. Editore eta gidoilari lanak egin izan ditu eta gaur egun Euskal Herriko Unibertsitatean irakaslea da. Literatura munduan, ipuingintzan nabarmendu da gehien. 2004an, “Eta handik gutxira gaur” (Susa) ipuin bilduma argitaratu zuen eta horri esker XI. Igartza saria irabazi zuen 2008an. Beste hiru liburu kaleratu ditu: “Haragia” (2007), “Katu Jendea” (2010) eta aurten, “Bihotz handiegia”.

Idurre Eskisabel

Idurre Eskisabel kazetari eta antropologo beasaindarra da. Egun, Hendaian bizi da, Euskal Herriko Unibertsitateko Kazetaritza graduko irakaslea da eta generoaren eta nazio identitatearen inguruko ikerketak egin ditu. Euskaldunon Egunkarian eta Berrian lan egin izan du, eta hainbat hedabiderekin kolaboratu izan du: Euskadi Irratia, Euskalerria Irratia, Info7 Irratia, Argia, Jakin, Goierritarra eta Goierri TB, besteak beste.

Gaztelera (Categoría Adult@s)

Mertxe Tranche

Zuzenbidean lizentziaduna, Irungo Liburutegian lan egiten du Mertxe Tranchek eta hainbat literatura tailerretako irakaslea da, horietako batzuk, emakumeentzako berariaz prestatuz. “Los buenos hijos” publikatu du, Gerra Zibilak Irunen izan zuen eraginaren inguruko saiakera.

Maialen Lehane

Filologia Hispanikoa ikasi zuen Maialen Lehane irundarrak eta Literatur Edizioan masterduna da. Gaur egun Bartzelonan bizi da, Planeta argitaletxearentzako lan egiten baitu.

Javier Gil

Filologia Erromanikoan lizentziaduna da Javier Gil eta egun, Irungo Pio Baroja Institutuko Literatura eta Antzerkiko irakaslea da. Ibilbide esanguratsua egin du literaturan. Obra ugari kaleratu ditu eta horietako batzuk antzerkira eraman izan dituzte. Bere lanengatik saritu izan dute; “Sueños de Identidad” obrarekin Serantes Saria irabazi zuen eta “Fasltaff no cree en la otra vida” obrarengatik, aldiz, Francisco de Avellaneda Saria eman zioten. 2013an “Rumorada” kaleratu zuen, bere bigarren eleberria, eta iaz, Irungo Oskarbi 21 ekimenaren “Tiempo menguante” obran parte hartu zuen.