Aurtengo ediziorako ezarritako bi erronka nagusiak bete dira, gazteen parte hartzea eta euskaraz idatzitako ipuinen kopurua nabarmen hasita 

IRUN. 2020.03.02. Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren 5. edizioaren sari banaketa ostegun honetan, martxoaren 5ean, ospatuko dugu. Aurtengo edizioan 338 ipuin bildu ditugu, bost ediziotan izandako parte hartzerik handiena lortuz. “Ez zaude bakarrik” lelopean, sororitatea eta indarkeria matxistaren biktimei eskainitako babesa oinarri zituzten ipuinak bilatu ditugu.

Lehiaketa sortu zenetik, gure helburua berdintasunean oinarritutako gizarte baten alde egitea izan da, indarkeria matxistarik gabekoa. Horregatik, aurrekoetan bezala, genero indarkeriaren aurkako borroka ikuspuntu positibo batetik islatu duten ipuinak saritu nahi izan ditugu baita edizio honetan ere.

Aurtengoan beste urrats bat eman ahal izan dugu eta ezarritako bi erronka nagusiak betetzea lortu dugu. Alde batetik, gazteen parte hartzea (2018an abiatu genuen gazteen kategoria, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker)nabarmen hazi da, 12 eta 16 urte arteko gazteek idatzitako 110 ipuin jaso ditugu. Bestalde, euskaraz idatzitako ipuinen kopuruak gora egin du, %25 izan dira. Datozen ediziotan portzentaiak gora egiten jarraitzea espero dugu.

Euskal Herritik iritsi zaizkigu ipuin gehienak, baina estatu osoko puntu askotatik jaso ditugu: Cordobatik, Badajozetik, Tenerifetik, Madriletik, Bartzelonatik, Sevillatik, Valentziatik, Malagatik, Guadalajaratik, Logroñotik, Zaragozatik, Toledotik, Alicantetik… eta baita munduko hainbat txokotatik ere: Poloniatik, Turkiatik, Italiatik eta, batez ere, Latinamerikatik (Kolonbiatik, Mexikotik, Argentinatik, Brasiletik, Txiletik…).

Helduen kategoriako irabazleek (16 urtetik gorakoek) 300€ko saria jasoko dute diru saritan, eta baita 50€ko balioa duen liburu sorta bat ere, Irungo Brontë liburu dendaren eskutik. Gazteen kategoriako irabazleek (12 urtetik 16 urterakoek), aldiz, 100€koa jasoko dute diru saritan, eta 50€ko balioa duen beste liburu sorta bat.

Bostgarren edizio honetako epaimahaia emakumez osatuta egon da bere osotasunean. Guztiek literaturarekin edo feminismoarekin harreman zuzena dute, gehienak epaimahaikide izan dira aurreko edizioetan, baina beste batzuk inkorporazio berriak izan dira. Helduen kategorian, euskeraz, Yurre Ugartek, Ana Iruretagoyenak eta Idurre Eskisabelek osatu dute epahaimaia; helduen kategorian, gazteleraz, Mertxe Tranchek, Marijo Noainek eta Marian Benitezek; gazteen kategorian, euskeraz, Itziar Gomezek, Ainara Maiak eta Ane Perezek; eta azkenik, gazteen kategorian, gazteleraz, Maite Vergarak, Noelia Lorenzok eta Naroa Lopezek. Epaimahaikide guztiek inplikazio maila ezinhobea erakutsi dute hasieratik eta horregatik, antolakuntzatik gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu.

Aurreko edizioetan bezalaxe, aurtengo sari banaketan ere ipuin irabazleak irakurriko ditugu, epaimahaikideak eta irabazleak bertan izango dira eta Asun Casasola bera ere bertan izango da.